Bazkideak

Ehkom kooperatiba integrala hiru motatako bazkidez osatzen da, erakundearekin daukaten erlazioaren arabera: bazkide-langileak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide laguntzaileak. Ehkom-eko bazkide izan daitezke Euskal Herriko edozein probintziatan erroldatuta dauden pertsonak, edota egoitza soziala lurralde horretan daukaten entrepresa, eragile eta erakundeak.

Bazkidetzerako orduan, bazkideek hasierako ekarpen bat egin beharko diote kooperatibaren kapital sozialari, nahitaezko ekarpen minimoa 500 eurotan ezarrita dagoelarik, behin-behineko edo lanaldi erdiko langileen kasuan salbu. Horren ondoren, bazkideek ez dute aldizkako ekarpen edo kuotarik ordaindu beharko, eta jakina, kapital sozialera egindako ekarpen guztiak berreskuratzeko eskubidea edukiko dute bazkidetza uzterakoan.

Behean ikus daitezke bazkide-mota bakoitzari dagozkion berezitasunak. Bazkidetzeko asmoa baduzu, edo gehiago jakin nahi baduzu… Jar zaitez harremanetan gurekin!

Langileak

Kooperatiben oinarri filosofikoei jarraiki, ehkom-en lan egiten duen pertsona oro bere lanaren burujabe izango da, eta kolektiboki ezarritako lan-baldintzek bere jarduna duintasunez eta errespetuz burutzea ahalbidetuko diote. Lanaldi osoan jarduten duten langileek gutxienez 1.500 euro garbi jasoko dituzte hilean, gutxieneko lansari-aurrerakin bezala.

Bazkide-langileek, ostera, bazkidetzerako orduan, kooperatibaren kapital sozialera nahitaezko ekarpen minimoa egiteko betebeharra dute, gutxienez ondorengo zerrendak jasotako kopurua ipiniz, hain zuzen:

  • Bazkide-langile finkoak lanaldi osoan: 500 euro
  • Bazkide-langile finkoak lanaldi erdian: 250 euro
  • Bazkide-langile behin-behinekoak lanaldi osoan: 50 euro
  • Bazkide-langile behin-behinekoak jardun erdian: 25 euro

Erabiltzaileak

Ehkom-ek eratutako edo kudeatutako azpiegiturak erabili ditzaketen eragileak izango dira bazkide erabiltzaile, edota gugandik aholkularitza teknikoa zein juridikoa jaso nahi duen edozein erakunde. Gehien bat, udalerriek eta tokiko operadoreek osatuko dute talde hau.

Hori horrela, baditugu kapital-ekarpenaren magnitudea gomendatzeko gidalerro batzuk, udalerri bakoitzaren biztanleriaren edo entrepresa bakoitzak duen langile-kopuruaren arabera. Datu hauek, baina, gomendio hutsa dira eta kontuan izan behar da bazkide bakoitzak bere borondate eta ahalmenaren arabera egingo duela bere ekarpena.
Hurrengoak dira estimatutako gomendioak:

  • 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak edo 5 langile arteko erakundeak: 1.000 €
  • 1.000-5.000 biztanle arteko udalerriak edo 6-10 langile arteko erakundeak: 1.500 €
  • 5.001-10.000 biztanle arteko udalerriak edo 11-20 langile arteko erakundeak: 2.000 €
  • 10.001-20.000 biztanle arteko udalerriak edo 21-30 langile arteko erakundeak: 2.500 €
  • 20.001-40.000 biztanle arteko udalerriak edo 31-50 langile arteko erakundeak: 3.000 €
  • 40.001-70.000 biztanle arteko udalerriak edo 51-90 langile arteko erakundeak: 3.500 €
  • 70.001-100.000 biztanle arteko udalerriak edo 91-150 langile arteko erakundeak: 4.000 €
  • 100.001 baino biztanle gehiagoko udalerriak edo 151 langile baino gehiagoko erakundeak: 5.000 €

Gaur gaurkoz, hau da bazkide erabiltzaileen zerrenda:

Laguntzaileak

Gure egitasmoarekin bat egiten duen edozein eragile izan daiteke bazkide laguntzaile. Kapital-ekarpenerako estimazioa goiko lerroetan dauden gomendioak jarraituz egin daiteke, baina betiere azpimarratuta kapital sozialera egindako eranskina eragile bakoitzaren nahi eta ahalmenaren esku daudela, arestian aipatu bezala.

Egun, honako eragile hauek ditugu gure artean: