Guri buruz

Egitasmoa

Ehkom irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da, lankidetza publiko-komunitarioan oinarrituta Euskal Herrian telekomunikazio-sare irekiak eratzeko eta kudeatzeko jaio dena. Gure asmoa herritarrak, erakunde publikoak eta bestelako eragile komunitarioak inter-konektatzea da, berauen arteko elkarlana sustatuz eta baliabideak eta zerbitzu teknologikoak partehartzaile guztien artean partekatuz.

Eratu nahi ditugun sareen izaerari dagokionez, ehkom-ek garatutako sareak beti izango dira irekiak, libreak eta neutralak.
➢ Irekiak dira, era unibertsalean mundu guztiari parte hartzeko aukera ematen zaiolako, bazterkeria edo diskriminaziorik gabe, eta uneoro eskuragarri dagoelako sarearen funtzionamenduaren eta osagaien inguruko informazioa, edonork hobetu edota hedatzea ahalbidetuz.
➢ Libreak dira, edozeinek duelako sarea erabiltzeko aukera, erabiltzaile bakoitzak sarean daukan partehartze-maila edozein dela ere, eta ezin zaiolako inori adostu gabeko aldebakarreko baldintzarik inposatu.
➢ Neutralak dira, sarea ez dagoelako edukiei edo erabilitako teknologiei lotua edo hauengatik baldintzatua. Edukiak libreki zabaldu daitezke, partehartzaileek ez dutelarik hauek zentsuratu, ezabatu edo ordezkatzeko aukera.

Bestalde, gaur egun telekomunikazioen arloan dagoen oligopolio-egoera kontuan hartuta, egitasmo honen xedea interes korporatiboekiko menpekotasuna apurtu eta Euskal Herri burujabea eraikitzea da. Euskal herritarroi azpiegitura propio bat emanez, desberdintasun sozioekonomikoen eta zentro-periferia dikotomiaren ondorioz sortzen den arrakala digitala ezabatzea bilatzen dugu.

Gainera, ehkom egitasmoak tokiko garapen burujabearen alde egiten du apustu, eta sortzen diren telekomunikazio-sareak gobernantza-eredu lokal eta demokratikoan kudeatzea bultzatzen dugu, horretarako eratutako eta formatutako talde herrikoien bidez. Izan ere, uste dugu herritarrek, erakunde publikoek eta tokiko eragileek zeresan handia daukatela beren herrian garatzen diren proiektuen inguruan, eta irmoki defendatzen dugu burujabetza lortzeko bidea atzerriko entrepresa handiekiko dependentzia amaitu, eta bertatik bertara kudeatutako azpiegitura propioak eraikitzea dela.

Helburuak

  • Telekomunikazio-burujabetza lortze bidean pausuak ematea, euskal herritarroi azpiegitura propioak emanez.
  • Herritarren maila sozioekonomiko edo kokapen geografikoa edozein dela ere, komunikazio-azpiegitura batera sarbidea edukitzeko daukaten eskubidea babestea, arrakala digitala ezabatzen laguntzeko eta herritar guztiei inklusio digitala bermatzen saiatzeko.
  • Sare eta azpiegitura irekiak bultzatuz, informazio, ezagutza eta iritzien hartu-eman askea eta adierazpen askatasuna sustatzea, publikoki zein era pribatuan. Funtsean, komunikatzeko eta informatzeko guztiok dugun eskubide unibertsala babestea.
  • Patenteen eta baldintza baztertzaileen menpe ez dauden estandar teknologiko irekien sorkuntza eta erabilpena sustatzea, bai hardware eta bai software atalei dagokienez.
  • Sare eta azpiegitura irekien alorrean ikerketa eta esperimentazio aurreratua sustatzea.
  • Sektore publiko, ehun kooperatibo eta gizarte zibilaren artean lankidetza-plataformak sortu eta sustatzea.
  • Egitasmo honen helburuekin bat datozen pertsona eta eragileekin saretzea eta elkarlana sustatzea; eta horrela suertatuko balitz, haiekin proiektu amankomunetan partehartzea beste alor edota esparru geografiko batzuetan.
  • Espazio erradio-elektrikoaren kudeaketa zaintzea, sare irekiak edukitzeko eskubidea bermatzen duten araudiak bultzatzeko, eta lizentzia beharrik ez duten espazioen ugalketa sustatzeko. Hots, uneoro kudeaketa amankomun egokia erdiestea, lizentziatu gabeko edo erabilera komunitarioko maiztasun-bandak saturatzea saihestuz, bestelako sare itxi edo baztertzaileen mesedetan.
  • Jasotako, aztertutako eta garatutako jakintza kolektiboa hedatzeko, formakuntza-, debate-, eta difusio-saioak antolatzea, ikastaro, mintegi, jardunaldi edo beste edozein formatutako foroetan. Jakintza eta helburu hauei lotutako ikerketak, proposamenak eta analisiak — zein ehun sozialeko gainontzeko eragileekin harremantzeko mekanismoak — idaztea, editatzea, argitaratzea eta zabaltzea.